XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bilboko euskararen ezaugarriez berba egiten hasi baino lehen, autortu egin behar dut, Soziolinguistika alorreko jardunaldi batzutan, nire ondoko berbak aurki lekuz kanpo egon daitezkeela; hala esan nien gonbidatu nindutenei ere, eta hala ere, parte hartzeko esan zidaten.

Hona etorri orduko, eskatu ere egin zitzaidan, nire inpresio eta eritzi pertsonalak emoteko; halandaze, soziolinguista izan ezta eta eskaerari adituta, ezin besterik egin dezaket historia liburuetan gehienetan agertzen ez diren Bilboko euskararen istorio batzu kontatu baino.

Has nadin, hitzaldiaren muinari berari ekin baino lehen, Bilboren euskalduntasuna erreibindikatzen.

Bilbotarrak ez diren euskaldunen artean guztiz zabalduta dago Bilbo erdaldun hutsa delako eritzia, zer esanik ez Bilboko erdaldunen artean; baina, zoritxarrez, Bilbon bizi garen euskaldunon artean ere etsipena izaten da nagusi eta zelanbaiteko atzen euskaldunaren konplexua guztiz hedatuta dago gure artean.

Hau dela eta, eskaldun askok etsi du, eta, Bilbon egundo ere ezin euskara egingo duelako ustea dauka.

Orain luze ez dela, Larramendi zenaz egineko liburu baten eta hainbat hitzalditan ere, berau euskaldun berri izan zelakoa plazaratu zen, eritzi hau eztabaidatu ez arren, aitatuko ekintzetan Bilbon egin zuen egotaldian, eta Bilboren giroagatik erdaldundu zela iradokitzen izan da.

Balitike Larramendi Bilbon berak izaneko giroan erdalduntzea, baina nekez sinets dezakegu Bilbo XVIII gizaldian erdaldun hutsa izan zitekeelakoa; are gutxiago, orduko baino zabalagoa den gure gaurko Bilbo honetan, bertoko jatorrizko euskaldunak topa daitezkeena jakinik.

Jatorrizko euskaldun batzukaz euskara ikasle aurretatu batzuk egineko behar bat oraintsu jadetsi dut; eta bertan, Bilboko euskaldunakaz beharra egin arren, gizaldietan zehar Bilbon erdara baino ez dela egin ere esaten da.

Adibide txikar hauetan ikusten denez, gehienak bat datoz Bilboren erdaltzaletasuna agerian ipinikeran.

Egia da euskara luzero txokoratuta egon dena eta dagoena; baita euskaldunak sarri txitxakar hartuak ere izan direna, eta garena.